Monday, February 22, 2016

Euskal hezkuntza: klandestinotasunetik ospera

by Eider Etxebarria Zuluaga

Eider Etxebarria Zuluaga is a graduate student in Spanish Linguistics at the University of Illinois. Eider is planning on finishing her Master’s degree and continuing with a Ph.D. in the same field. She is planning on teaching Basque and Spanish in the future. She wrote this text as a student in 418 ‘Language and Minorities in Europe’.

Image Source
1896.ean Resurrección María de Azkuek (1864-1951) Kolejio-Ikastechea sortu zuen, osoki euskaraz irakatsi zuen lehenengo eskola. Tristeziaz baina, lau urte geroago itxi behar izan zuen ikasle gutxi zituelako. XX. mende hasieran auzo-eskolak, izaera komunitariodun eskolak, sortu ziren eskualde euskaldunetan. Bigarren Errepublika Espainiarrak (1931-1939), puntu batera arte baina, euskaraz irakastea baimendu zuen. Nire izeba txikiak sarri kontatu izan du berak euskaraz ikasi zuela eskolan. Errepublikak askatasun erlijiosoa aldarrikatu zuen (“Espainiak ez dauka erlijio ofizialik” 1931ko Konstituzioko 3. artikulua) eta honela eskola laikoa ezarri zen. Francoren diktadurak, hala ere, berrogei urteko jazarpen eta izu etengabeari eman zion hasiera eta frankismoak euskararekin, euskal kulturarekin edo euskal nortasunarekin zer ikusirik zuen guzti hori gupidagabe kondenatu zuen. Euskalfilia gogor zapaldu zen. Francoren erregimenaren enblema “España, una, grande y libre” (Espainia, bat, handi eta librea”) zen eta espainiar estatuaren hizkuntza bakarra gaztelera, noski. Administrazio, komunikabide eta hezkuntza bezalako tresna instituzionalen bitartez, gaztelera inposatu zen. Honenbestez, eskola doktrinamendu mekanismo baten bihurtuta geratu zen nazioaren zerbitzura.

Image Source
Ikastolak, 60ko hamarkadan (1959-1969) sortuak, euskal hezkuntza sistemaren abangoardia dira. Funtsean, euskararen berealako desagerpena ekiditeko; ordura arte euskarak ezagutu ez zuen estatus bat emateko; eta kultura, administrazio eta bizikidetza hizkuntza bezala erabiltzeko izen on bat eraikitzeko sortu ziren. Sortze momentu hartan ikastolak, Espainia eta Frantziaren zapalkuntzari aurre egiteko, euskaldunek babestutako beharrezko estrategia bat izan ziren. López-Goñik (2003: 662) dioen lez, diktadura garaian “klandestinoki” moldatu behar izan zuten eskolek, beti gobernuaren zigorren mehatxupean. Eskola klandestino hauek etxe-eskolak deitzen ziren etxe pribatuetan irakasten zelako. Normalean, irakasleak ziren etxeen jabeak. Etxe-eskolak ikasleen gurasoek ordaintzen zituzten. Isilpeko baldintza ezkutu hauetan ikastolak eskola euskaraz jasotzeko aukera alternatibo bezala eman ziren ezagutzera. Garai hartan Euskal Herrian kontzientzia kolektibodun prozesu indartsu bat erne zen asanbladekin, dantza taldeekin, koruekin, euskara irakasteko taldeekin, mendi taldeekin, etab.

Behin Autonomia Estatutua (1979), Gernikako Estatutua bezala ezagunagoa zena, onetsita ikastolak lege aurrean instituzionalizatu ziren. Momentu hartan, Espainiak eta Frantziak bazeuzkaten jada ondo finkaturiko hezkuntza sistema nazionalak. Herrialde bi hauen aburuz, euren hezkuntza sistemak berdintasuna, bateratasuna eta zentralizazioa garatzeko sistemak ziren. Honela bada, gobernuak erabateko kontrol eta boterea zeukan baliabide guztiengan: bai jendea, bai dirua, bai informazioa eta baita teknologia. Ikastolak horrenbestez, deszentralizazioa ahalbidetzeko neurri bezala hartu behar izan ziren. Boterea Eusko Jaurlaritzari pasatu zitzaion, eta honek Hezkuntza Sailaren bitartez hartzen zituen erabakiak eskoletaraino iritsaraziz. Hala, botereak gobernu espainiarraren menpe jarraitzen bazuen ere, orain Eusko Jaurlaritzak zuen eduki kurrikularren eta aurrekontuen kontrola, eta lanpostua, instalazioak eta diziplina neurriak hartzeko gai zen. Euskaldunen kasuan, bretoienean, korsoenean edo katalanenean bezalaxe, hezkuntza sistema bat sortu izanak euren hizkuntzen jarraipena, garapena eta ongizatea bermatu zituen. Euskal hezkuntza instituzionalizatu izana ez zen euskararen goraldirako bakarrik izan berebizikoa, baina garrantzitsuagoa dena oraindik, euskararen biziraupena ziurtatu zuen.

Image Source
90. hamarkada euskal hezkuntza sistemaren iraultza garaia izan zen, eta aldi berean, ikastolen krisia. 1993ko otsailaren 19an “Euskal Eskola Publikoaren Legea” (“Ley de la Escuela Publica Vasca”) onartu zen. Ikastolei hiru hilabete eman zitzaizkien bai publiko egin nahi zutela ebazteko edo ikastola bezala geratu nahi zutela aukeratzeko. Ikastolen %55ak (114tik 63 ikastola) ikastola bezala jarraitu zuen, %37a (42 ikastola) ordea, publiko bihurtu ziren. Gainontzeko %8a (11 ikastola) zehaztu gabe geratu ziren. Ikasleei dagokienez, 35.991 ikasle (64%a) ikastoletan geratu zen eta 14.020 ikasle (%25a) eskola publikora pasatu ziren.  Ikastola asko publiko bihurtu ziren. Aukera honen atzean hainbat arrazoi aurki ditzakegu, horien artean, historikoki euren egitekoa bete zutela usten zutela sinesten zutela edo arazo ekonomikoak zituztela. Modu honetan, Euskal Eskola Publikoa bere lehen pausuak ematen hasi zen.

Ikastolak euskal eskola erdi-pribatuak dira. Dirua gobernuaren eta enpresa edo asoziazio erlijiosoak bezalako iturri pribatuetatik jasotzen dute. Euskal Eskola Publikoa, ostera, gobernuak finantzatu eta administratutako euskal eskola publikoen sarea da. Jarrera bi hauen arteko lehia baliteke inoiz eztitu ezin izatea: sistema publikoaren aldekoen iritziz, kalitatezko hezkuntza gobernuak bermatu beharko luke, eta denentzako zabalik egon beharko luke eta ez litzateke garestia izan beharko. Bestalde, sistema erdi-pribatuarek aldekoek diotenez, diruak kalitate hobea bermatzen du. Nire ustez, hezkuntza iraultzaren atzean egon den lan guzti hau, dena politizatzeko joera honek kutsatu eta penatu du. Normalean, ezkertiarrek eskola publikoaren alde egin izan dute, zentralistek eskola erdi-pribatuen alde eta eskuindarrek eskola pribatuen alde. Hala ere, orokortzea hanka-sartze galanta izango litzateke. Ukaezina dena euskal hezkuntza sistemak gizartean eta gizartearentzat egindako lan nekaezina izan da. Euskal hezkuntza sistema euskararen jabetza-prozesuaren funtsezko eragilea izan da. Generazio berri honetako, nire generazioko, jende askok eskolagatik izan ez balitz, baliteke inoiz euskara ikasteko aukerarik izan ez izana.

References:

López-Goñi, I. (2003). Ikastola in the twentieth century: an alternative for schooling in the Basque Country. History of Education,32(6), 661-676.

Euskal Herriko Ikastolak. Euskaltzaindia. (2003). El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha. El modelo ikastola 1960-2010. Jagon Saila, 1-353.

0 comments:

Post a Comment

The moderators of the Linguis Europae blog reserve the right to delete any comments that they deem inappropriate. This may include, but is not limited to, spam, racist or disrespectful comments about other cultures/groups or directed at other commenters, and explicit language.